Urdaibai eskubaloi taldeko mutilek Bizkaiko A-4 finala jokatuko dute asteburuan, Bermeon
Bizkaiko lau talde onenen artean sailkatzea lortu dute kadete mailako mutilek, eta, hala, zapatuan, lau talde horien arteko norgehiagokan parte hartuko dute Bermeoko Arane kiroldegian.
Maitane Barrenaren eta Arantza Ruilobaren mutilek egindako “lan onak” bere fruituak eman ditu, eta, horregatik sailkatu dira Bizkaiko lehenengo lau onenen artean, kadete mailan. Hala, egun horretan, Escolapios taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Urdaibai taldeak 13:00etan hasita. Baina horien aurretik Ath. Basauriren eta Barakaldoren arteko lehiaz gozatu ahalko dute Arane kiroldegira bertaratutako herritarrek. Hain zuzen, 11:15ean hasiko da partidu hori.
Lau talde horiek zapatuan egiten dutenaren arabera jokatuko dituzte domekako partiduak. 10:30ean hasita, esaterako, sailkapeneko 3. eta 4. postuak eskuratzeko partidua jokatuko dute, eta, 12:30ean, aldiz, finala jokatu beharko dute lehenengo eta bigarren postua lortzeko talde hautagaiek.
Bermeoko Udalak Urdaibai taldea zoriondu du orain arte egindako lanagatik, eta, ondorioz, finalean egoteagatik. Era berean, herritar guztiak gonbidatu ditu kirol ikuskizun horretaz gozatzera.