Muxikako Gazte Eguna
Gazte eta ez hain gazte, San Roman auzoan jendea batzea zuen helburu Muxikako Gazte Egunak, eta helburuak ondotxo bete dituztela azaldu du Erdu Gazte Asanbladak. Inoiz baino jende gehiago izan da aurten herriko gazteek antolatutako egun horretan, «goizetik, gainera». Urtero legez, paella txapelketa egin dute aurten ere, eta guztira 17 koadrilla batu ziren San Romanen, arroza prestatzeko. Denen artean gozoena, baina, herriko koadrilla batek egindakoa izan zen: Danetarik. Garaikurra eta txanpain botila hartu zuen paella irabazlea prestatu zuen koadrillak. Epaimahaiak Kukufateri eman zion bigarren saria, eta txanpain botilla eman zieten. Puntuaziorik gutxien duen paellak ere saria izaten du Muxikako Gazte Egunean, eta Lakontz izeneko kazolak hartu du aurten horri zegokion gozoki paketea.
Gauean ere hainbat izan ziren San Roman auzora joan zirenak. Sarkor, Betagarri eta Dantzaldi erromeria izan ziren gaueko doinuak jartzearen arduradunak.