Nautilus
Energia eolikoa sortzeko ur gaineko plataformak egiteko partzuegoa sortu dute, eta horko partaide da Muruetako ontziola, Tecnalia, ikerketa aplikaturako zentroarekin eta beste hiru enpresarekin batera. Denak ere, teknologia aurreratuan aitzindariak eta nazioarteko merkatuetan dihardutenak eta off-shore haize-energiaren merkaturako plataforma flotatzaileen garapenean munduan erreferente bihurtu nahi dute. Hala, itsas hondoak duen sakoneragatik gaur egungo irtenbide zimendatuak erabiltzeko aukerarik ez dagoen lekuetan erabili ahal izango diren plataforma erdi urperatuak garatuko ditu Nautilusek.
Zailtasun ekonomikoen garaian sortu dute enpresa berria eta, azaldu dutenez, uskal industria aktibo dagoela eta etorkizunarekin eta jarduera ekonomikoaren sorrerarekin konprometituta dagoela esan nahi du.
Plataforma flotatzaile erdi urperatuak egingo dituzte, 60 metro baino gehiagoko sakoneretarako egokiak direnak. Egitura berri horren abantailak diseinuan daudela azaldu dute partzuergoko kideek; izan ere, ohiko ontzioletan egin daitezke, aerosorgailua portuan muntatu daiteke, eta garraioa eta instalazioa ere ohiko itsasontziekin egin daitezke. Hala, etorkizunean offshore haize-energiako protagonista izango direla uste dute, plataformak ur sakonagoetan ipini ahal izango direlako: ur horietan baliabide eolikoa ugariagoa eta konstanteagoa da, ikusizko inpaktua txikiagoa, eta, hala, potentzia handiagoko aerosorgailuak erabil daitezke.
Ontziolak, arriskuan
1943an sortu zen Astilleros de Murueta, Gernikako itsasadarraren ondoan. Tax Lease sistemaren auziak bete-betean jo zuen ontziola, eta lana izan baduen arren, orduz gerozteik etorkizunari kezkaz begiratu izan diote langileek. Bizkaiko metalgintza enpresen federazioak, gainera, tax lease sistema berri bat jarri ezean, ontzigintza sektorea desagertzear legokeela ohartarazi du. Hala, sistema berri bat martxan jartzeko eskatu du.
FVEMek gogoratu du Europako Batzordeak bertan behera utzi zuela lehengo hobari fiskalen sistema, tax lease deitutakoa. Horrek “zalantza egoera sakona” eragin duela adierazi du. “Egoerak uxatu egiten ditu bankuak, ontzijabeak nahiz inbertsiogileak”. Tax lease sistemak segurtasun juridikoa eragin behar lukeela nabarmendu du.
Federazioaren esanetan, proiektu berrietarako ez dute finantziaziorik, eta horrek arriskuan jartzen ditu sektorea eta enplegua. Hala, “finantziazio partekatua” errazteko eskatu du, “eta beharrezko izanez gero, Banka Publikoa erabiltzeko”.