Danel Lauzirikaren zutabea: Werte bat
Nazkatuta, haserretuta, minduta, arduratuta, izorratuta… baina harrituta ez. Ministro jaunak euskararen eta katalanaren kontra abiatu duen gurutzada legal klasikoak ez nau batere harritzen. Gehiago l(h)arritzen nau euskaldunon jarrerak, alarma gorriak piztu ez izanak.
Politikarien adierazpen batzuk gorabehera, euskararen aldeko borroka euskalgintzan hasi eta bukatzen dela ematen du. Normala den legez, garaiotan herritarrak euren poltsikoez kezkatzen dira ia gaztelania hutsezko egunkariak irakurri ostean. Horiek horrela, gureak egin du ikasleak espainolizatu behar direla dioenaren hitzei erreparatu eta erantzun ezean. Tristea litzateke krisiaren zurrunbilotik irtetean pasatakoa adierazteko hizkuntzarik ez izatea.
Jaurlaritzak garatutako hizkuntza politika argi laburtu zuen astelehenean Jesusek: “Gauzak ez dituzte ongi egin. Bestela, aspaldi nintzatekeen euskaldun”. Gobernu sozialistak burututako sarraskiaren aurreko hizkuntz politikaz ari da adiskidea. Gertutik ezagutzen du Kataluniako eredua, eta gurearen aldean askoz eraginkorragoa deritzo ama hizkuntzari eusteko bidean.Badu itxaropena jeltzaleengan, behintzat orain artekoa hobetuko dutelakoan dago. Hala eta guztiz ere, zuhurra da laguna.
Titulu goserik gabe ikasten hasi eta edonon, edonoiz eta edonorekin euskaraz aritzeko erreparorik ez duen euskaldun berria da Jesus. Finean, desagertzeko zorian dagoen espezie maitagarri batekoa dugu. Albertok, berriz, 17 urte ditu, eta D ereduan egin zituen Lehen Hezkuntzako ikasketak. Batxilergoan, ordea, A eredua hautatu du nota hobeak lortzeko asmotan. Euskara ez zaio guztiz harrotz leioar honi, ikasi ez ezik sarritan entzuten baitu.
Gerora begira euskaldunon hizkuntza ez dela “inposatu” behar dio Alberto gazteak. “Kontzientziazioa” da bidea, “euskara jarrera faxisten bitartez bultzatu” omen da. Gaztelania zergatik ez duen gorrotatzen galdetzean, ordea, ez du erantzunik. Inork ez dio irakatsi hizkuntza guztiak inposatu ohi direla, boterea dela gakoa. Sekula ez dio galdetu bere buruari zergatik irakatsi –inposatu– zioten gurasoek gaztelania. Izan ere, gaurko mundu tekno-globalizatuan eraginkorragoa litzateke umeari japoniera edo ingelesa irakastea.
Jesus eta biok ez gara demokratak, ez espainiar erara behintzat. Inposizioaren aldekoak gara, intolerante hutsak. Herri mugimenduei garrantzia eta meriturik kendu gabe –beharrezkoak zaizkigu presio lanean–, hizkuntza goitik behera inposatu ezean galtzera kondenatua dagoelakoan gaude. Badakigu hori ez dela nahikoa, erabileran datzala azken emaitzaren giltzarria, baina erakundeek leundu behar dute normalizazioaren bidea. Hizkuntza oro da inposizioa neurri batean, eta hala izan behar du. Bestela, akabo ezberdintasunak eta, horrenbestez, aberastasuna.
Inposizio batzuk ez ditugu zalantzan jartzen –gaztelania kasu–,naturalak direlakoan gaude. Hizkuntza gutxituen aldeko neurriak, berriz, jarrera faxisten ondoriotzat saldu dizkigute, eta guk, gixajook, erabat sinetsi dugu kontua. Euren tranpan erori eta diskurtso hipokrita barneratu dugu bete-betean: gurea ezin da inposatu, hautazkoa izan behar da.
Bitartean, eurek inposatzen jarraitzen dute, Werten ama hizkuntza ezin da zalantzan jarri. Boteredunak du hogeitamaika eskutik.